Skip to main content

Azaroan argitaratu zen, eta, otsailaren iritsierarekin batera, Euskal Herriko autoeskoletan banatuko da Ikaslearen eskuliburua B baimena liburua. Bertan, autoa gidatzeko baimena ateratzeko beharrezko materiala agertzen da eta, ia urtebetez liburua sortzeko lanean aritu ostean, gidabaimena ateratzeko prozesuan daudenek eskuragarri izango dute euskarazko material eguneratua. B baimenaren liburua eskura izateaz gain, modu digitalean ere jasoa egongo da edukia. Horrez gain, A, A1, A2 eskuliburua eta AM gidabaimenaren eskuliburua ere eskuragarri egongo dira.

Eskuliburuek bereizgarri bat izango dute, gaztelerazko liburuetan ere ez dena jasotzen; izan ere, gai bakoitzaren hasieran azalpen-bideo bat izango dute gaian zehar ikasiko dutena ezagutzeko eta, era berean, zailenak izan daitezkeen gaiak beste era batera azaltzeko. Bideo horiek QR kode baten bitartez deskargatu ahal izango dituzte erabiltzaileek. 

Gidabaimenak euskaraz liburua iritsi da otsailean

Aspaldiko eskaerari erantzuna

Udalek eta Euskara teknikariek urte askoan zehar eskatu dute gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala. Duela ia hogei urte, B gidabaimenaren eskuliburu bat argitaratu zen, baina bospasei urteren ostean zaharkituta gelditu zen. Garai hartan autoa gidatzeko baimena euskaraz ateratzen zutenen kopurua gaur egungoa baino handiagoa zen, eta ordutik eguneraketa egiteko eskaera jasotzen ari dira.

Gidabaimena euskaraz atera nahi zutenei ere gazteleraz ateratzeko gomendioa egiten zieten autoeskolek, euskarazko material duinik ez zegoelako. Gaur egungo ikasleek ere jarraitzen dute izaten azterketa euskaraz egiteko aukera, baina material falta eragozpen handia izan da haientzat, denbora luzean.

Sentsibilizazio-kanpaina

Eskuliburu hauekin ez da amaitzen Gidabaimena Euskaraz proiektuaren lana; jarraipena eman nahi diote. Urteko lehenengo hiruhilekoan material guztia autoeskoletara eramatea da helburua, eta Aste Santutik itzultzean sentsibilizazio-kanpaina orokorra egingo da, ikasleek autoeskoletako materiala euskaraz ikasi dezaten. Era berean, Eusko Jaurlaritzak urteetan zehar gai horri lehentasun eta babes handia eman dio eta, horretarako, euskarazko materiala erabakigarria izan da.