Skip to main content

Ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimena ateratzeko materiala euskaraz sortu
da eta ikasleek eskuliburuak eta online ikasteko euskarriak izango dituzte
eskura.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak 2023ko azaroaren 22an
aurkeztu dute gidabaimenak euskaraz atera ahal izateko materiala. Kultura eta Hizkuntza
Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioko
lehendakariorde Pedro Dávilak aurkeztu dute Gasteizko Europa jauregian egin zen
ekitaldian. Gaur egun ziklomotor eta kotxeetarako gidabaimenak euskaraz atera daitezke
eta gainera autobus eta kamioietarako gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala laster
egongo da prest. Horrela 15 urtetik gorako ikasleek gidabaimenak euskaraz eskuratzeko
aukera izango dute:
– AM (ziklomotorra), A1-A2 gidabaimenak 15 urtetik gorako gazteentzat.
– B gidabaimena 18 urtetik gorako gazteentzat.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Euskadiko Autoeskolen
Federakuntzaren lankidetza honek lau helburu nagusi ditu:
– Gidabaimenak euskaraz ateratzeko aukerak bermatzea
– Bide hezkuntzako formazioa euskaraz jasotzeko aukera bermatzea
– Euskaraz formazioa eman ahal izateko, euskarazko material espezializatua arloko
profesionalen eskura jartzea (autoeskolak, irakasleak, eskolak…)
– Proiektua bizirik mantentzea, eguneraketak eta berrikuntzak txertatuz.


Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak prentsaurrekoan adierazi duenez
“egitasmo honen funtsa eragileen arteko lankidetzan oinarritu da. Udalerri askok
hamarkada bat baino gehiago daramate gidabaimenak euskaraz eskaintzeko ahaleginean.
Kanpainak, erraztasunak, material egokitzapenak… hainbat eta hainbat egitasmo hedatu
izan dira udalerri askotan. Behar horri erantzun bat eman nahian, Euskadiko Autoeskolen
Federazioaren lidergoaren garrantziaz oharturik, Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin zuen
lankidetza aurrera ateratzeko”. 


Bestalde, Pedro Dávila, Euskadiko Autoeskolen Federazioko presidente ordeak “aspaldiko
irrika” bat azkenean egia bihurtzea eragin duten hiru alderdi nabarmendu ditu: “bata,
Hizkuntza Politikaren konpromisoa; bestea, lantalde sinesgarria osatzea; eta azkenik,
Euskadiko autoeskolen eta Euskadiko Autoeskolen Federazioaren konpromisoa”

Entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea


Lankidetza honekin gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortu nahi da, batik bat
gazteen artean eta horretarako prozesu entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea
diseinatu da. Guztira 4 eskuliburu prestatu dira, bai paperean eta baita online formatuan
ere. B baimenaren kasuan bi eskuliburu egin dira, bat laburtua paperean inprimatuko dena
eta B osoa, informazio osatuagoa jasotzen duena online formatuan. Besteak paperean eta online egongo dira. Eskuliburuak eta horien testak, ordenagailuan, tabletetan eta
mugikorrean testak egin ahal izateko moduan egokitu dira. Eskuliburuetan, gai bakoitzaren
hasieran, ikasleak gai horretan ikasiko duenaren inguruko bideoa txertatu da eta QR bat
erabilita ikusi ahal izango da, gainera, azalpen berezia behar duten kontuei buruzko
azalpen bideoak ere erantsi dira. Gidabaimenaeuskaraz.eus webgunea eta aplikazio bat
ere prestatu dira, euskaraz, hauek ere.


Proiektuaren hizkuntzaren egokitzapenean hainbat eragilek hartu dute parte. Materiala
euskaraz sortzeko prozesuan UZEI (Unibertsitateko zerbitzuetarako euskal ikastetxea) izan
da bidelaguna.  Ikasleek erabiliko dituzten testei dagokienez, IVAPek (Herri
Arduralaritzaren Euskal Erakundea) itzuli ditu. Lan hauekin hasi aurretik, aipatu behar da,
Trafikoko eskumena duten bi erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa izan dela.
Sortu den materiala Euskal Herrian lokalizatuta dago (argazkiak, eredu diren seinaleak,
irudiak…). Material guztia online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du
gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala. Azterketa praktikorako ere irakasleentzako
euskarazko terminologia lantzeko tresnak eskainiko dira.

Durangoko azokan

Zupiria sailburuak adierazi duenez “ez da erronka bukatu. Egitura eraiki dugu,
gizarteratzeko prest dugu, baina luzera begirako asmoa da gurea. Ohitura sortzea eta
gazteak erakartzea dugu helburu, eta horretarako, proiektuaren sozializazio eta
zabalkundean dugu orain begia jarrita.
Zabalkundearen lehen urrats bezala, Durangoko azokan “GIDABAIMENAK EUSKARAZ”
stand-a jarriko du Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak egitasmoaren berri eman eta
materiala erakusteko eta ahalik eta ikasle eta autoeskola gehien proiektura batzen hasteko.