Urriaren 1ean sartuko dira indarrean Zirkulazioko Erregelamendu Orokorraren hainbat aldaketa, bereziki bide-erabiltzaile kalteberen segurtasuna indartzeko helburuarekin. Araudi berriak txirrindulariei, motozikleta eta ziklomotorren erabiltzaileei, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariei eta gainerako ibilgailuen gidariei eragingo die.
Aldaketa esanguratsuenetako bat motozikleta eta ziklomotorren erabiltzaileei dagokie. Hiriarteko bideetan babes-eskularruak erabiltzea nahitaezkoa izango da gidari zein bidaiarientzat, eta oinetako itxiak erabili beharko dituzte bide mota guztietan. Gainera, motozikleten gidariek ikuspen handiko txaleko islatzailea eraman beharko dute ibilgailuan, hiriarteko bideetan ibilgailutik jaitsi eta galtzadan edo bazterbidean egon behar dutenerako.
Txirrindularientzat ere hainbat berrikuntza ezarri dira. Hiriarteko bideetan babes-kaskoa erabiltzeko orain arteko salbuespenak kenduko dira; beraz, homologatutako edo ziurtatutako kaskoa erabili beharko da. 16 urtetik beherakoek, berriz, edozein bide motatan eraman beharko dute. Era berean, hiriarteko bideetan txirrindulari bat aurreratzean, gidariek abiadura gutxienez 20 km/h murriztu beharko dute bideko gehieneko mugarekiko.
Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen (MPI) kasuan, horiek gidatzeko gutxieneko adina 15 urtekoa izango da eta babes-kasko homologatua edo ziurtatua erabili beharko da. Gauez edo ikuspen gutxiko egoeretan elementu argitsu edo islatzaile bat ere eraman beharko dute, gutxienez 150 metrora ikusteko modukoa.
Araudi berriak aurreratzeei ere eragiten die. Herritik kanpo oinezkoak, animaliak, ziklomotorrak, MPIak edo txirrindulariak aurreratzean, gidariek abiadura gutxienez 20 km/h murriztu beharko dute bideko mugarekiko. Gainera, gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea mantendu beharko da, eta noranzko bakoitzeko errei bat baino gehiago dagoenean, erreiz erabat aldatu beharko da.
Bestalde, auto-ilaretan larrialdietako erreia sortzeko betebeharra ezarriko da: ibilgailuak geldituta edo oinezkoen pausuan doazenean, alboetara baztertu beharko dira erdian polizia eta larrialdi-zerbitzuentzako pasabidea libre uzteko.
Hiri barruan ere bada berrikuntzarik. Besteak beste, eskola-bide seguruek araudiaren barruko definizio propioa izango dute, haurrek ikastetxeetara oinez, garraio publikoan edo motorrik gabeko mugikortasun-bitartekoekin modu seguruagoan joateko.
Aldaketa horien guztien helburua bide-segurtasuna indartzea da, bereziki bide-erabiltzaile kalteberen babesa handituz: oinezkoak, adingabeak, adinekoak, mugikortasun murriztua duten pertsonak, txirrindulariak, MPIen gidariak eta motozikleta zein ziklomotorren erabiltzaileak, besteak beste.


