Getxoko Udalak, Erandioko eta Basaurikoekin batera, eta ALKARBIDE, Euskara Zerbitzuen Bilgunearekin batera, beste urte batez, jarri du abian gazteak autoaren gidabaimenaren azterketa teorikoa eta aurten ziklomotorrarena ere euskaraz egitera animatzeko Gidabaimena Euskaraz kanpaina.
Beste berritasun bat izango da Udalaren laguntza gastuen %80a, gehienez 200 eurokoa, izatera pasako dela ekimenarekin kolaboratzen duten udalerriko sei autoeskoletako batean karnetaren azterketa teorikoa euskaraz egiten duten gazteentzat. Laguntzaren helburua da euskararen erabilera sustatzea eguneroko jardueretan, eta, aldi berean, gazteei gidabaimena euskaraz egiteko bidea erraztea. Orain arte 425 bat gazte getxotarrek egin dute azterketa teorikoa euskaraz.
Gainera, aurten Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Autoeskolen Federazioarekin koordinatuta, Gidabaimena euskaraz webgunea jarri du martxan interesatu guztiei euskarazko material gaurkotua eskaintzeko.
Aurtengo edizioan Udalak 15 eta 23 urte bitarteko 2.550 gazte getxotarri bidaliko die etxera kanpainari buruzko informazioa eta, aurrekoetan bezala, 100 euroko hiru txartel zozketatuko ditu gasolina erosteko. Aurreko edizioan baleak irabazi zituzten hiru gazteek nabarmendu dute euskaraz egitea normala iruditu zitzaiela eta testak errezago iruditu zitzaizkiela.
Getxoko kanpainan parte hartu duten gazteen adierazpenak:
- Nora Eguzkitza: “Gauza ofizialak ere euskaraz egitea garrantzitsua da, ez bakarrik eskolan”.
- Maider Atencia: “Euskalduna izanik, ez nuen inolako zalantzarik izan: gidabaimena euskaraz! Gainera, saria izanda, askoz hobeto!”.
- Martin Puig: “Euskarazko testak errezagoak egin zitzaizkidan, gaztelerazkoak baino”.