Aurten, Erandioko Udala Gidabaimena Euskaraz egitasmoaz baliatu da urtero gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailak azaltzeko antolatzen dituen saioak aurrera eramateko. Maiatzaren 28an batxilergoko 1. mailako ikasleei egin zitzaien aurkezpena, eta ekimenaren onurak erakusteko baliagarria izan zen.
Erandioren kasuan, matrikula gastuaren %80 diruz lagunduko da (gehienez ere 200 euro), eta, horrez gain, gasolinarako 100 euroko bono bat ere zozkatuko da.
Dirulaguntzen informazioa: https://tramitegunea.erandio.eus/front/procedure/130?lang=eu
Gidatzeko simuladorea erabili ahal izan dute
Ategorriko ikastetxean egin zen aurkezpenean, 6 taldetan bananduta zeuden 83 gaztek hartu zuten parte. Behin hasierako azalpenak emanda, gidabaimena ateratzeko azterketa teorikoa prestatzeko azken hilabeteetan CNAE argitaletxeak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatu duen plataforma erakutsi zitzaien ikasleei. Hala, plataforma honen irisgarritasun erraza azpimarratu zen, eta gidabaimena ateratzeko prozesuak dakartzan onurak erakutsi zitzaizkien.
Azterketa teorikoarekiko hurbilpenaren ondoren, gazteek gidatzeko simulagailua erabili ahal izan zuten, banan-banan.