Gidabaimena ateratzeko adinera gerturatzen ari diren gazteei gidabaimena euskaraz ateratzeak dakarzkien abantailen berri eman asmoz, Gidabaimenak euskaraz egitasmoaren aurkezpen saioak egin dituzte maiatzaren 28an Erandioko Ategorri institutuan, Erandioko Udalak antolatuta. Batxilergoko 1. mailako ikasleei aurkeztu diete ekimena, eta gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egitea erabakiz gero jasoko dituzten dirulaguntzen berri eman diete.
Erandioko Udalak matrikula gastuaren % 80 ordainduko die azterketa teorikoa euskaraz gainditzen duten ikasleei (300 € gehienez); horrez gain, erregairako 100 euroko opari-txartel bat ere zozkatuko du udalak azterketa euskaraz gainditzen dutenen artean.
Dirulaguntzen inguruko informazio gehiago hemen:
https://tramitegunea.erandio.eus/front/procedure/130?lang=eu
Gidatzeko simulagailua probatu dute
Ategorri institutuan batxilergoko 1. maila D ereduan egiten ari diren 93 gaztek hartu dute parte maiatzaren 28ko saioetan, bost taldetan banatuta. Hasteko, Gidabaimenak euskaraz kanpainaren nondik norakoen berri jaso dute ikasleek, azterketa teorikoa euskaraz egiteak ekarriko dizkien onurekin batera, eta CNAE argitaletxeak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin garatutako plataforma ere ezagutu ahal izan dute; besteak bestek, azterketa teorikoa prestatzeko lagungarri zaie plataforma hori.
Behin hasierako azalpen horiek emanda, aldez aurretik hautatutako 30 galdera erantzun dituzte gazteek. Modu horretan, ikasleek azterketa teorikoa euskaraz egiteak aparteko zailtasunik ez dakarrela ikusi ahal izan dute era dinamiko eta praktiko batean.
Azkenik, ikasleek simulagailua erabiltzeko aukera izan dute.